MAKULU KEN [Diska Aurkezpena]

MAKULU KEN [Diska Aurkezpena]

Hemen gatoz berriro Makulu Ken taldekook. Lehenengo estudioko lanaren abestiak dozenaka zuzenekotan eskaini eta gero atsedenaren ordua iritsi zitzaigun. Bide luzeak egiterakoan atseden hartu behar omen da. Ez gara alperrik geldirik egon ordea, abesti berriak sortzen eta atontzen aritu gara eta hemen gaituzu berriro, lan berriarekin. Diska luzea da, 75 minutu ingurukoa, batez ere jatorriz nigeriarra eta mundu osora zabaldu den afrobeat estiloa jorratzen duten abestiez beterik. Ez dira ez arrapaladan entzuteko kantak: musikak, afrobeataz gain, beste iturri askotik edaten du eta hitzak askotariko gaiei buruz mintzatzen dira, askotan umorez beterik, hitz joko ageri eta ezkutuak erabiliz eta beti ere (eta afrobeatean ezin beste era batean izan), gizarte kritika eta autokritika ardatza. Kalè kalè da diska berri honen izena, kaleak kale egiten baitu, kaletarrok kale egiten baitugu behin eta berriz. Kale antolatzeko orduan, kale jende arteko ezberdintasunak arintzen, kale neoliberalismoaren erasoen aurrean gure buruak defendatzen, kalè kalè, Calais Calais... Hala ere kalerik kale gabiltza, amore eman gabe, estropezu egin eta altxatuz, hanka sartu eta atereaz. Pantailetan barrena ematen zaigun bazka honi begira baina mutur okerra jarriz, guztiz zonbi bihurtzeari aurka eginez. Guk pantailak itzali eta mugitzera gonbidatzen dugu, gure barruko zein kanpoko kate zurrunak apurtzeko musika eta hitzak eskaintzen ditugu hemen. Gure azken hatsa bota baino lehen bizitzari azken ttantta arte heldu nahi diogu, noemak mirtzikatu, mamitturrik indalotu eta kilamuak jaso, aitzurrak gure atea jo bitartean behintzat. Bizitzak ekartzen dizkigun gozamen eta tristura asimetrikoak denak nahi ditugu, landatu ditugun zuhaitz guztien fruituak, gaziak eta gozoak, uzta jaso eta ardo eta sagardoz akelarre batean ospatu, adimena nahasten duen edozein substantziaz ala sentipenaz, bizitzaren ñabardurak gozatuz, parranda zaleak eta lotsagabeak, euskaldunak eta mestizoak. Eta uzta eskasa bada, ba elkarri heldu, eta aurrera! Bihozgabe psikopata batzuk gobernatzen saiatzen badira ere kalèz kalè segituko dugu gure musiken erritmoak astintzen, kontzientzien zalantzak mugitzen eta bazterrak nahasten.