ESNATU NAIZ KABARETA

ESNATU NAIZ KABARETA

ESNATU NAIZ: PROIEKTUAREN ABIAPUNTUA

Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren? Bi lesbiana gaztek euren arteko maitasuna modu irekian adieraz dezakete Arbizun? Eta bi gizon helduk bikote harreman arrunta izan dezakete Baigorrin? Nola bizi dute pertsona horiek euren identitate sexuala eta sexu-joera beraien herrian? Zer motako erantzun eta erreakzioak jasotzen dituzte euren lagun, familiako kide eta herritarrengandik diren modukoak izateagatik? Errespetatzen al dituzte? Integratuta sentizen al dira?

Azken urteetan LGBTI+ kolektiboaren eskubideen aldeko lanean urrats garrantzitsuak eman diren arren, benetako berdintasuna lortu arte bide luzea dugu oraindik egiteko. Horregatik ezinbestekoa dugu arlo ezberdinetan lanean jarraitzea.

Sentsibilizazioa da esparru horietako bat. Gure gizarte anitzeko errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzearekin batera, herritarrei hausnarketarako bidea zabaldu nahi diegu. Antzerkia tresna ezin egokiagoa da gogoeta hori egiteko, eta asmo horretan oinarrituta sortu dugu Esnatu Naiz kabareta.

Ikuskizun honetako protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da. The Pink Flamingo klubean bere showa izatea lortu du. Jende ugari joaten da show hori ikustera. Pozik eta harro dago bere ibilbidearekin. Baina oraindik sendatu gabeko zauriak ditu Elurrek eta kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutzea lortuko dugu: Peio. Euskalduna, baserritarra, 10 urte lehenago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa zitzaiolako bere nortasunarekin bat egin eta lasai bizitzea. Londresen bere ametsa egi bihurtzea lortu du Peiok, ospea eta arrakasta, baina oraindik, une batzuetan, bere buruaz lotsatu egiten da. Zer gertatuko litzateke bere jaioterrira itzuliko balitz? Lagunek eta familiako kideek onartuko lukete den moduan? Pellok argi du: oraindik, gaur egun, ez da posible.

Kabaret honen bitartez, LGBTI+ kolektiboko kide askok bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu. Horregatik ikuskizuna herriz- herriz aurkeztu nahiko genuke datozen hilabeteetan. Eta kasu honetan saiakera berezia egin nahi dugu herri txikietara iristeko. Izan ere, mota honetako ikuskizunak ez dira sarritan iristen leku horietara, eta are gutxiago euskaraz. Baina proiektu hau martxan jarri genuenetik, horixe izan dugu buruan.

ZERGATIK KABARETA?

LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko mezua modu askotara zabal daiteke: hitzaldien bitartez, pertsona ezberdinen testigantzak bilduz, bakarrizketa batean horri buruz hitz eginez… baina kasu honetan kabareta aukeratu dugu. Zergatik? Gai honen inguruan interes edo ezagutza handirik ez duen jendearengana iritsi nahi dugulako. Horregatik komedia eta drama nahasten dituen obra dinamiko eta erakargarria sortu nahi izan dugu, ikusterraza, baina, aldi berean, hausnarketa ahalbidetzen duena.Euskaraz, eta euskal kulturaren elementuak txertatuz bertan. 

IKUSKIZUNA + SOLASALDIA

Emanaldiaren ostean, berriz, eta antolatzaileek nahi izanez gero, solasaldirako tarte labur bat zabal dezakegu (15 minutu inguru). Kabaretaren sorkuntzari buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, ikusleek galderak egiteko eta euren iritzia emateko aukera izango lukete. 

KABARETA MARTXAN DA!

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak proiektu berriak babesteko antolatzen duen deialdian finalista izan ostean, Esnatu Naiz 2020ko urtarrila amaieran estreinatu genuen. Pasatako udazkenean, berriz, kabaretaren bertsio luzea estreinatu genuen Hernanin, eta orduz geroztik emanaldiak eskaintzen ari gara Euskal Herrian zehar

https://www.youtube.com/watch?v=ycMjyo8sHVc&feature=emb_title