LEIHOTIKAN

LEIHOTIKAN

2023. urtearen hasieran Gorka Urbizu (Berri Txarrak) hasi zen Leihotikan taldearen diska berriaren produkzio lanetan. Gorkaren azken produkzio lana La M.O.D.A. rena izan da. Noski oraingoan burgoskoekin antz gutxi zuen soinuarekin lan egin behar izan du, baina gusto zein erlazio personal parekoarekin. Gorka eta Leihotikan zigilu beraren pean izan dira urtetan eta Berri Txarraken agurreko kontzertuko gaua irekitzeko ohorea izan zuten Navarra Arenan. Leihotikanen ohiko soinuetatik harago joateko jarrera, energia eta aritzeko gaitasuna eman die Urbizuk. Dinamismoa, jarrera, punk, melodia eta kolpea duen zortzi kantuz osatutako lana da guzti honen emaitza. Diska berriak –Etorkizuna Ginenean- aniztasuna erakusten du jorratutako gaiei erreparatuta, kaleko aldarrikapenak, norberaren arazoei aurre egiteko moduan edo ta laguntasuna besteak beste. Zestoako Gaztain estudioan grabatuta Eñaut Gaztañagarekin. Bartzelonako Ultramarinos estudioan Victor Garciak masterizatuta. Diseinua eta ilustrazioak Ander Xabier Tejadak egin ditu. Txorimalo! Records ekin autoekoiztuta, azaroaren amaieran karrikaratuko da. 30 urte pasa dira Iruñean, 1993.urtean, Patxi (gitarra), Aitor (baxua), Titi (bateria) eta Gorka (ahotsak) elkartu eta LEIHOTIKAN taldea sortu zutenetik. Garai horietan, Kaliforniako musika bere punturik gorenean zegoen: Bad Religion, Nofx, Suicidal Tendencies, Pennywise eta beste hainbat talde punk/hardcorez osatutako eskenan. Leihotikan-en abesti azkar eta melodikoek horien eraginak hartu zituzten hastapen horietan. Haien erritmo azeleratu eta erradikalismoari, haien ama hizkuntza zen euskarazko letrak gehitu zitzaizkien. Bide honetan, bi maketa, zazpi estudio-lan (azkena arazoran argitaratuko da), zuzeneko disko bat eta disko bilduma bat karrikaratu dituzte. Euskal Herrian erreferentziazko talde bat izanik dagoeneko. Lehenengo diskoa 1998an Gor disketxearekin kaleratu zuten, eta Orduz geroztik beraien ibilbidea zigilu honen babespean egin dute osorik. Aurten, Gor disketxearen itxieraren ondorioz, diska berria autoekoiztea erabaki dute, TXORIMALO! RECORDS izena eman dioten zigilu propioa sortuz. Leihotikanek hasierako formazioa mantendu du urte guzti hauetan. Lehendabiziko diskan Mikel Aranguren aritu zen gitarjole zuzenekoetan denbora laburrez, baina bigarren lanetik aurrera, hastapenetako lau lagunek egin zuten bidea. 2021ean, lesio baten ondorioz, Titik bateria jotzeari utzi behar izan zion, eta Mikel Goitisolok (Neke Politikoa) hartu zuen bere tokia. Azken lan honetan "Etorkizuna Ginenean" ordea, Titik eta Mikelek bateria-lanak partekatu dituzte grabaketetan. Hurrengo kontzertuei begira dena den, Mikelek bateria jotzen jarraituko du.